XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gobernu liberal-komunista kritikatu du Gonzalezek

Baliteke telebista digitalaren legea Auzitegi Konstituzionalera eramatea

Efe/Erroma

FELIPE GONZALEZ PSOEko idazkari nagusiak oso gogor ekin zuen atzo Jose Maria Aznarren Gobernu liberal-komunistaren aurka eta telebista digitalaren legedia boterearen gehiegikeria zela ziurtatu zuen.

Erroman egindako adierazpenetan, Gonzalezek ironiaz esan zuenez, zorionak eman behar dizkiot Gobernuari, liberal-komunista izatea lortu baitu eta hori marxista sutsuenek ere amestu ezingo luketen sintesi zoragarria da.

Sintesi horren bidez lortu du Aznarrek, pribatizazioena bezain politika liberala egitea Convergencia eta Unioren (CiU) laguntzaz eta partehartzaile autoritarioa, aldiz, C bat kendu eta IUrekin geratuz.

Harrapazak! esan zuen, barrez, sonatua egin den Federico Trillo Kongresuko presidentearen adierazpenarekin bat zetorrela esanez.

Gonzalezek iragarri zuenez, litekeena da PSOEk telebista digitalaren legearen PP, IU eta EAJren botoekin onartutakoa aurkako errekurtsoa jartzea Auzitegi Konstituzionalean.

Auzitegi hau ez bada, Europako justizi auzitegi batek telebista digitalaren legea bertan behera utziko duela ziurtzat jo zuen PSOEko idazkariak.

Gonzalezek azpimarratu zuen Gobernua prest dagoela satelite bidezko telebista digitalaren seinalea dekodetzeko aparailuaren sistema inposatzeko eta hori egitea boterearen gehiegikeria iruditzen zitzaiola nabarmendu zuen.